Arma Plaza Fundazioa

Jaizkibelgo hileta monumentuak azaroko "Ezagutu zure hiria"n

"Ezagutu zure hiria" ekimenaren barne, hurrengo azaroaren 30ean, osteguna, 19:00etan ARMA PLAZA kultur eta turismo informazio gunean, Luis del Barriok (Lurrailan) Jaizkibelgo megalitoen inguruko hitzaldia emango du. Luis del Barrio Gipuzkoako Megalitoen Karta Arkeologikoaren egileetako bat da eta hainbat urte daramatza Gipuzkoako Foru Aldundiarentzako, Gipuzkoako megalitoen kontserbazio eta mantentze-lanetan .

Abenduaren 2an, larunbata, 9:00tan, Guadalupeko gotorlekuko aparkalekua abiapuntutzat izanik, "Ezagutu zure hiriak" Jaizkibelera eramango gaitu, Luis del Barriorekin aintzinako hileta monumentu hauek gertutik ezagutu ahal izateko. Ibilbide berezi honek 4 orduko iraupena izango du, lekuak mugatuak dira eta nahitaezkoa da bertaratzeko aldez aurretik izena ematea 943 64 36 77 telefonoan edo armaplaza@armaplaza.eus helbidera idatzita.

Jaizkibelgo Estazio Megalitikoa mendi honen ipar-ekialdearen erdian dago, gailur-lerroan eta itsas aldeko isurialdean, Hondarribiko udal barrutiaren barruan. Gaur egun, zenbait trikuharri eta piriniar harrespil-multzo bat biltzen ditu. Sailkatutako Kultur Ondare izendatuta dauka Eusko Jaurlaritzak, "Monumentu Multzoa" kategoriaren barruan (ekainaren 24ko 137/2003 Dekretua).

Ondare monumental hau existitzen dela jakitea ezinbestekoa da gure iraganeko ondarea ulertzeko eta hartaz gozatzeko, bai eta ondare hau behar bezala zaintzeko eta geroko belaunaldiei baldintzarik onenetan helarazten ahalegintzeko ere.

 

Cromlech-de-Jaizkibel-II

 

Mapa handitu