Arma Plaza Fundazioa

"Kapen" karta jokoa eta posterraren aurkezpena

 Gaur abenduak 14, ostirala, 10:30etan ARMA PLAZAko kultur eta turismo Informazio guneko lehenengo solairuan, unitate didaktikoen proiektuaren barnean egin den Kapen Karta-Jokoa zein posterra prentsaurrean aurkeztuko dira. 

Kapen Karta-Jokoa eta posterra, flora eta fauna ezagutu dezagun eta, batez ere, Hondarribiko naturan modu atseginean murgil gaitezen helburuarekin sortu dira. Izan ere, gure inguruko edonori animalien izenak aipa ditzala  esaten diogunean, segituan agertzen zaizkigu lehoia, elefantea, jirafa, krokodiloa ... Baina, non daude egunerokotasunean gure bizilekuetan dauden eta ikusten ditugunak? Ez dute izenik? Ez ditugu ikusten? Kezka honi erantzuna eman nahiean, Kapen Karta-Jokoaren ideia sortu zen, izena duena ba denez, herriko ekosistema eta espezieen transmisioan ekarpentxoa egiteko asmotan; ezagutzen duguna bakarrik maita dezakegulako eta maitatzen duguna zaindu dezakegulako. 

Karta-Jokoa zein posterra ARMA PLAZA kultur eta turismo Informazio gunean zein web gunean salgai daude, 10 eta 5 eurotan, hurrenez hurren. Karta-Jokoa herriko liburudendetan 10 eurotan salgai egongo da ere. 

Mapa handitu